URTEBETEKO ERRONKAK MARTXOAN ERE AURRERA DARRAI!

Larunbatean hilabete bete zen Euskara ari du Kultur Elkartearen Baietz Hernanik! egitasmoa abiatu zela. Gauzak horrela, martxoan erronkalari berriak hasiko zirela ospatzeko, ekitaldi txiki bat egin zuten Biteriren aurrean, aholku- eta gogoeta-saioen hitzordua baliatuz.

Saioen ondoren, Iraulio Panttalone bertso-eskolako Estitxu Agirre eta Iker Ormazabal bertsolari gazteek euskararen aldeko erronka hartzeak zenbaterainoko garrantzia duen adierazi zuten bertsotan Biteriko balkoitik. Era berean, bertaratutakoak animatu zituzten erronkalari gehiago bilatzera.

Euskara ari du Kultur Elkartekoek hilabete honetan ere balorazio ona egin dute: martxoan 111 erronkalari berrik egin dute bat ekimenarekin; guztira, 236 erronkalari daude. Aurreko hilabeteko joerari jarraituz, oraingoan ere emakumeak izan dira adoretsuenak izena emateko garaian: gutxi gorabehera, martxoko erronkalarien hiru laurdena emakumezkoa da. Beraz, Hernanin behintzat Euskal Herri mailako azken datu soziolinguistikoak berrets ditzakegu: emakumeak dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak. Adin-tartea kontuan hartuz gero, 25-44 urte artekoek eman dute izena gehien, eta auzoei dagokienez, oraingoan, erronkalari kopuru nabarmena Ereñozukoa da.

Une hauetan, apirilerako izen-ematea irekita dago, eta jendea jada izena ematen ari da. Pixkanaka-pixkanaka, ekimena gero eta jende gehiagorengan ari da interesa pizten. Horrek argi eta garbi adierazten du Hernanin euskaraz bizitzeko nahia dagoela, eta jendea hizkuntza-ohiturak aldatzeko erronka hartzeko prest dagoela.

Ekimen hau baliagarria gertatzen ari da jendeak kontzientzia hartzeko eta, bide batez, erderarako behar baino joera handiagoa dagoela ohartzeko. Hori dela eta, erronkalarien ustez, Baietz Hernanik! egitasmoa lagungarria izan zaie hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskaraz bizitzen hasteko hautua egiteko garaian, bultzada bat eman baitie. Batzuek esan duten bezala, “hauxe behar zuten pausoa emateko”.

Halaber, otsaileko erronkalariek nabarmendu dute esperientzia oso positiboa izaten ari dela, eta ustekabe politak izaten ari direla, uste baino jende gehiagok ulertzen baitu euskaraz. Behin hasita, ohartu dira hizkuntza-ohiturak alda daitezkeela, alegia, erronkak egingarriak direla, eta uste zutena baino errazago gainera. Zer erronka gainditu nahi duzun argi izanez gero, lortzea horren zaila ez dela ere adierazi dute, hastea dela kontua.

Beraz, Euskara ari du Kultur Elkartekoek hernaniarrei erronkan parte hartzeko deia luzatzen diete, zenbat eta gehiagok parte hartu, orduan eta errazagoa izango baita Hernanin hizkuntza-ohiturak aldatzea.

 

Ekitaldiko bertso bat, Estitxu Agirrerena:

Eguraldia ona dijoa
egin dagigun algara
senti dezaket tripa barnean
gu guztiona zirrara
sinets dezagun egin dezagun
hemen gu onenak gara
egin dezagun guztiok eta
ahoan degu euskara

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s