Baietz Hernanik! egitasmoa otsailaren hasieratik dago martxan Hernanin, eta San Joanetan ere Euskara ari du Kultur Elkarteak bere aletxoa jarri nahi izan du aurtengo egitaraua aberasteko eta jaietan ere denok elkarrekin euskaraz gozatzeko.
Ekainaren 26an Ari du poteo musikatu ibiltaria egingo dute Hernaniko kaleetan barrena, eta nahi duenak izango du ibilbideko edozein puntutan poteora batzeko aukera.
Andoni Tolosa ibiliko da musika-jartzaile lanetan, baina oraingoan, DJ Taloren ohiko erregistroa alde batera utzi eta euskal musika jarriko du denontzat. Orgatxo bat hartu, bafleak bertan sartu, eta kalean barrena aurrera eta atzera ibiliko dira kaleak musikaz jantziz eta girotuz.
Poteoa Goiz-argi tabernatik abiatuko da arratsaldeko 19:00etan, eta hurrengo geldialdiak hauek izango dira: Tilosak, Rioja taberna, Andrekale, Atzietas, Plazaberriko txosna eta Zinkoneako taberna. Denok gonbidauta zaudete!
Euskara ari dukoek San Joan jai ederrak pasatzea opa die hernaniar guztiei. Aupa San Joan eta Gora Hernani!
Baietz Hernanik!