Nor gara

Euskara ari du ekimena 2013. urtean jarri zen martxan Hernanin. Euskararen Egunaren inguruan, zenbait jarduera eta ekitaldi antolatu izan ditu, xede bakarraz: Hernanin euskararen erabilera bultzatzea.

2016an, hilabete eta erdiko Indar Proba antolatu zen. Euskarari astebetez eusteko deia egin zitzaien hernaniarrei azaroan eta abenduan, eta astero talde desberdinek parte hartu zuten. Emaitza ezin hobea izan zen, eta harrera ere ona jendearen artean: 1800 hernaniarrek hartu zuten parte.

Gogoberotuta eta hilabete eta erdi hizkuntza-ohiturak aldatzeko gutxiegi zela jakinda, 2018an erronka urtebetera luzatzea erabaki genuen, hain zuzen, otsailaren 3tik abenduaren 31ra arte. Baietz Hernanik! esan zitzaion ekimenari, eta euskaraz dakitenek nahiz euskaraz ulertu baina hitz egiten ez dutenek parte hartzeko aukera izan zuten, bakoitzak bere erritmoan eta eremuan. Helburua? Hernanin hizkuntza-ohiturak aldatzea, eta denon artean euskararen erabileran beste urrats bat ematea. Guztira, 1.118 lagunek hartu zuten parte.

Ekimenaren amaieran, Dobera Euskara Elkarteak Euskara ari du ekimena bere baitan txertatu zuen egitasmo finko gisa. 2019an talde eragilea indartzen eta Euskaraldirako aurretiko lanak egiten ibili gara. Aurten Euskaraldia-Euskara ari du ekimena aurkeztuko diegu hernaniarrei, hizkuntza-ohiturak aldatzen jarrai dezaten.

Saiatuko al gara? Eutsiko al diogu denok euskarari?

Baietz Hernanik!